Skip navigation.

M.I. Colegio de Abogados de PamplonaM.I. Colegio de Abogados de Pamplona
M.I. Ilustre colegio de abogados de pamplona
Derecho penitenciario
Bibliografía Centros penitenciarios Enlaces
La WebPresentaciónNormativaJurisprudenciaOrganismos internacionalesDoctrinaEncuentrosNoticias
Derecho Penitenciario > Noticias

Noticias

KARTZELA. ARGAZKI OROKORRA

EGUNERO PIXKA BAT HILTZEN

30 de junio de 2019

Zaballako kartzelan aurten hildako lau presoei buruzko albisteek mahai gainera ekarri dituzte berriro espetxe sistemaren inguruko kezkak. Droga trafikoarekin eta lapurretekin lotutako zigorrak betetzen ari dira preso gehienak; asko, osasun egoera konplexu eta kaskarrean.

BERRIA (MAITE ASENSIO).- Hitzez adierazten zaila den ezinegona, pena handia eragiten diete presoen heriotzei buruzko albisteek kartzelaren inguruan dihardutenei; eta aurten, lau aldiz irakurri dituzte halako lerroburuak. Urtarriletik apirilera, Zaballako espetxean (Araba) kondena betetzen ari ziren lau pertsona hil ziren. Laurak gizonezkoak, eta haietako hiru, 30 urtetik beherakoak; datu ofizialen arabera, gaindosiagatik zendu zen bat, eta beren buruaz beste egin zuten bik —laugarrenari buruzko informaziorik ez dago—. Heriotza horiek agerian utzi dute kartzelaren opakutasuna eta arroztasuna. «Lau preso hil dira, eta Osakidetzak ez du ezer esan, nahiz eta espetxeetako osasun arretaren eskumena harena den», deitoratu du Nahia Aiak, Osabideak elkarteko medikuak. «Imajinatu dezakegu beste eremu batean halako zerbait gertatzea eta alarmak ez piztea?».

Eragileen artean kezka handitu egin da: zer gertatzen ari da kartzeletan? «Presondegiaz mintzo gara halako gertakari latzak izaten direnean, baina preso dauden pertsonak egunero pixka bat hiltzen dira, desozializatu; bizitzaren gustua galtzen dute», erantzun du Gabi Mouesca OIP Espetxeen Nazioarteko Behatokiko presidente ohiak. Hamazazpi urte egin zituen Frantziako kartzeletan, Iparretarrak taldeko kide izateagatik. «Ohartu naiz zer zen egiazko kondena: denbora pasatzea presondegian; ezer egin ez, ezer izan ez». Zigor laburragoa bete zuen Martinak —ez da benetako izena—: sei gramo kokaina atzeman zizkioten, eta lau urteko kondena ezarri zioten trafikoagatik; bi urte egin zituen Martutenen (Donostia). «Konfinamendua da kartzela. Etor dakizukeen egoerarik okerrena: ez duzu ezertarako askatasunik. Itogarria da».

Gaur egun, 1.700 pertsona baino gehiago daude Euskal Herriko kartzelen ardurapean. Zigor zuzenbidearen katean, espetxea da azken baliabidea, baina printzipio hori ez da betetzen, Rafa Sainz de Rozasen aburuz. EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea da, eta urteetan EAEko Arartekoko Justizia eta Espetxe arloko koordinatzailea izan da. Espainiako Estatuko datuei erreparatu die: «Delitu tasa Europako batezbestekoa baino txikiagoa da, baina espetxeratze tasa, Europa mendebaldekoa baino askoz handiagoa. Horrek adierazten du hemen gehiago eta gehiegi erabiltzen dela askatasun gabetzea arazo berei aurre egiteko». Bat etorri da Carmen Gonzalez, presoak laguntzeko Bizkaian dagoen Zubiko elkarteko abokatua: «Erraz saltzen da ideia bat: segurtasuna handitzeko, zigorrak handitu behar direla. Baina kartzelak betetzeak ez ditu delituak saihesten».

Kondenak aztertuta egin du baieztapen hori. Gizonezko presoen %60 baino gehiago bi delitu moldegatik zigortu dituzte: jabetzaren aurkakoak —lapurretak— eta osasun publikoaren aurkakoak —droga trafikoa—; ondoren, nagusi dira bide segurtasunaren aurkako delituengatik eta genero bortxagatik kartzelatuak, baina neurri txikiagoan. «Gehienak pobreziarekin, droga mendekotasunarekin eta bazterketarekin lotuta daude, eta hori aurrez landu behar da. Bestela, jende batek kartzelara iristeko arrisku handia izango du: ez dute inoiz babesik izan. Zauria saihestu behar da, ez gero benda jarri».

Pobreziaren isla

«Klase afera» argi ikusten du Mouescak: «Badakigu pobreak sartzen dituztela presondegira. Hirugarren eta laugarren munduak daude hor: kanpoko eta gure gizarteko pobreak. Presondegian argi ikusten da gerra sozial baten errealitatea».

Emakumeak gutxiengoa dira Euskal Herriko kartzeletan: %9 inguru; Europako batezbestekoaren (%5) gainetik dago andrazkoen preso tasa ere. Espetxeak, ordea, gizonentzat pentsatutako eta eraikitako espazioak dira, eta andreentzako eremurik ez dago zentro guztietan. Emakumeak hartzen dituzte Martutene, Zaballa eta Iruñeko espetxeek, baina Euskal Herrian ez dago amentzako modulurik, beraz, kanpoko kartzeletara mugitzen dituzte haurrak dituztenean. Iparraldeko emazteek Euskal Herritik kanpoko espetxeetan bete behar dute kondena beti.

Droga trafikoarekin lotuta zigortzen dituzte andreak batik bat. Bi soslai gailentzen dira, Gonzalezen arabera: «Batetik, droga mendekotasun handiak dituztenak; fisikoki hondatuta iristen dira, eta oso bizitza konplikatuak dituzte: abusuak, tratu txarrak... Eta bestetik, trafikoan harrapatutako atzerritarrak: fisikoki hobeto daude, baina egoera administratibo konplexuak dituzte».

Egoera horretan iritsi zen Martina espetxera: Brasildik etorri eta gutxira. Andrazkoak preso egoteak «gaitzespen sozial handiagoa» dakarrela azaldu du: «Etengabe adierazten digute emakumeei lotutako rolak hautsi ditugula: amarena, onarena, ez-biolentoarena... Kartzelako ikastaroak ere generoak baldintzatuta daude, berriro 'onak' izan gaitezen: gurutze puntua egiten ikasi nuen nik». Babes gutxiago dutela ere nabarmendu du: «Emakumezko preso sozial gehienek ez dute inolako babesik: nik bi urte egin nituen bisita bat bera gabe».

Erakunde «totala»

Azken batean, espetxea gizartearen ispilua dela diote eragileek. Urrun dago, ordea: bai kokapenean, bai iruditerian. Martina: «Gizartearen parte gara, baina ikusezinak gara. Kartzela oso arrotza egiten zaio jendeari, baina egiaz oso hurbil dago, eta oso erraza da sartzea». Hori dela eta, Idoia Franco Zubiko elkarteko psikologoarentzat garrantzitsua da sartzeko unea ere prestatzea: «Esplikatzen diegu zer aurkituko duten barruan, nolakoa izango den euren bizimodua, zer jarduera izango duten, zer sartu dezaketen... Zurrumurruek eragindako beldurrak uxatzeko».

Ildo horretan, Sainz de Rozasek uste du espetxea «erakunde totala» dela: «Presoen bizitzen minutu guztiak kontrolatuta daude: noiz esnatu, noiz jan, zer egin, noiz egon ziegan eta noiz ez... Guztia antolatuta dago, tratamenduaren eta erregimenaren arabera». Zehaztu du Hego Euskal Herrian indarrean den espetxe legedia gizarteratzean oinarritzen dela: «Indibidualizazio zientifikoaren ideiaren arabera, aztertu egiten da preso bakoitza zer egoeratan dagoen bai gizartean, bai indibidualki, eta horren arabera tratamendu bat ematen zaio, hau da, erregimen bat ezartzen zaio. Baina hori teoria da; askatasunaz gabetzeko daukagun beste justifikazioa da mendekua: ordainaraztea. Gizarteak ez du justutzat jotzen kalte bat egin duen pertsona bat kalean egotea gizarteratuta dagoelako».

Martinaren ustez, birgizarteratzearen ideia «falazia bat» da: «Huts eginiko proiektu bat da kartzela. Ez dizute inoiz galdetzen zein ibilbide izan duzun, zer gertatu zaizun, nola iritsi zaren delitua egitera; delitu bat da, eta kito. Hori aztertuko balute, ohartuko lirateke barruan dagoen jende asko ez litzatekeela hor egon behar, baizik eta tratamendu psikologikoarekin edo psikiatriko batean, edo desintoxikazio lan bat egiten».

Texto completo en PDF adjunto.

Más información

© M. I. Colegio de Abogados de Pamplona - Iruñeko Abokatuen Elkargo T. Arg. - Avenida del Ejército, 2 - Planta 10ª, 31002 Pamplona